inicio Hasierara bueltatu

ERABAKIA, 2018ko URTARRILAREN 29koa, BIZKAIKO CAMPUSEKO ERREKTOREORDEARENA, UNIVERSIDAD DEL PAIS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN BIZKAIKO CAMPUSEKO ZITEK PROGRAMAREN BARRUAN KULTURA EKINTZAILEA SUSTATZEKO EKINDUZ 2018 LEHIAKETAREN OINARRIAK ONARTZEKO ETA LEHIAKETARAKO DEIA EGITEKO DENA.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (aurrerantzean UPV/EHU), Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak eta BEAZ Bizkaiak ahaleginak batu dituzte, ekimenerako kultura bultzatu eta enpresa berritzaile eta oinarri teknologikodunak sortze aldera, eta, horretarako, abian jarri dute Enpresen Sorreran Laguntzeko ZITEK Programa, unibertsitateko kideei zuzendutakoa (ikertzaileak, irakasleak, lizentziatuak, graduondokoak eta abar).

Zitek Programak sustatutako ekintzen barruan, Ekinduz 2018 lehiaketaren bidez kultura ekintzailea bultzatu nahi da UPV/EHUko Bizkaiko Campusean. Horretarako, ikasleei aukera emango zaie enpresen sorrerarekin lotutako gaietan modu ludiko eta entretenigarrian prestatzeko bidea emango dien joko batean parte hartzeko.

Adierazitakoagatik, eta UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiak emandako eskumenen babesean (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko erabakia), errektoreak eskuordetuta, honako hau

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.- Onarpena.

Onartu egiten dira Ekinduz 2018 lehiaketaren deialdia eta deialdiaren eranskineko oinarriak, lehiaketa arautzekoak.

Bigarrena.-Argitalpena.

Deialdi hau Bizkaiko Campusaren iragarki taulan eta http://www.emprendedoreszitek.com/ webgunean argitaratuko da.

Deialdi honetako gainerako egintzak eta komunikazioak http://www.emprendedoreszitek.com/ webgunean argitaratuko dira.

Hirugarrena.- Errekurtsoak eta administrazio isiltasuna

Erabaki honek eta bere oinarriek administrazio bidea agortzen dute eta beren aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean, argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita, urriaren 1eko 39/2015 1 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezarritakoaren arabera.

Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen denetik kontatzen hasita. Berraztertze errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi errekurtsorik jarri berraztertze errekurtsoaren ebazpen espresua eman edo presuntziozko ezespena gertatu arte.

Erabaki hau argitaratu eta sei hilabeteren buruan webgunean ezelako esleipen erabakirik argitaratzen ez bada, interesdunek ezetsitat jo dezakete beren eskaera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezarritakoarekin bat.

Leioa, 2018ko urtarrilaren 29a.

HELBURUA

Kultura ekintzailea bultzatzea UPV/EHUko Bizkaiko Campusean, eta, horretarako, ikasleei aukera ematea enpresen sorrerarekin lotutako gaietan modu ludiko eta entretenigarrian prestatzeko bidea emango dien joko batean parte hartzeko.

EPEAK

EKINDUZ lehiaketako sailkapen txanda 2018ko martxoaren 1ean hasi eta martxoaren 25eko 23:59an amaituko da. Parte hartzaileek jokoan sartu ahal izango dute epe horren barruko edozein unetan.

Finala 2018ko apirilaren 12an izango da UPV/EHUn. Leku zehatzaren berri finala baino, gutxienez, astebete lehenago emango zaie parte hartzaileei.

Izen ematea doan izango da.

PARTE HARTZAILEAK

EKINDUZ lehiaketan parte hartu ahalko dute UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikasleek (master eta doktoregokoak barne).

Antolakuntzak jokua zabal dezake Lanbide Heziketako Eskola kolaboratzaileek parte har dezaten. Hala ere, ikasle hauek ezin izango dute final presentzialean parte hartu, ezta final horretako sariak lortu, baina beste bi sari berezien zozketan parte hartuko dute.

DJOKOAREN NONDIK NORAKOAK

SAILKAPEN TXANDA (ONLINE FASEA)

LEHENENGO FASEA

Taulak 46 lauki ditu, era honetara banatuta: 42 lauki, Zitek Programako enpresak ordezkatzen dituztenak (lauki bakoitzeko enpresa bat); hiru lauki berezi (“Zortea” kategoriakoak), Zitek Programako bazkideak (UPV/EHU, BFA eta Beaz) ordezkatzen dituztenak; eta, “Zitek” irteera laukia.

Berrogeita bi laukiak koloreka daude banatuta bost talde handitan (Azpiegiturak, Langileak, Finantziazioa, Kanpoko Faktoreak eta Ukiezinak). Horietako bakoitzak hiru kategoria biltzen ditu, Ukiezinak izenekoak izan ezik, azken talde horrek bi kategoria biltzen baititu (hirugarrena “Zortea” litzateke, bere hiru laukiak dituena).

Lehenengo fase honetan, eskaintzen diren lau enpresa aukeren artetik (autonomoa, enpresa txiki eta ertainak –ETE–, mikroETE edo multinazionala) bakarra aukeratu beharko dute parte hartzaileek, nahi dutena.

Aukeraketa egin ondoren, parte hartzaileek galdera bati zuzen erantzun beharko diote 14 kategorietako bakoitzean, bigarren fasera pasatu ahal izateko. Horretarako, dadoak jaurti eta taulan barrena joango dira, eta erori diren laukia zein taldetakoa den, talde horretan zuzen erantzuteke dituzten kategorien artetik bat aukeratu eta dagokion galderari erantzun beharko diote. Talde bakoitzeko hiru kategorietan erantzun zuzena eman denean, talde horretako laukiak jokotik kanpo geratuko dira eta, ondorioz, ezin izango da lauki horietan berriro erori.

Partida hasieran, jokalariak lau bizitza eta komodin bat izango ditu. Emandako erantzun oker bakoitzak bizitza bat kenduko du eta komodina (% 50eko komodina) erabiltzeak bi erantzun oker ezabatuko ditu. Ezin izango dira pilatu ez bost komodin baino gehiago ez bost bizitza baino gehiago. Bizitzarik gabe geldituz gero, jokoa zerotik hasi beharko da.

Hiru lauki berezietako batean eroriz gero, "zortea" sartuko da jokoan. Hortaz, parte hartzaileak komodin bat edo bizitza bat lortu ahalko du ausaz.

”Zitek” laukian eroriz gero, parte hartzaileak komodin eta bizitza bana lortuko ditu.

Hautatutako erantzuna okerra bada (galdera bakoitzak dituen lau aukeren artetik hautatu behar da, eta aukera bakarra da zuzena), jokalariak dadoak jaurtitzen jarraituko du, eta partida eten edota partidara itzuli ahal izango du nahi adina alditan, jokoak iraun bitartean.

BIGARREN FASEA

Lehenengo faseko 14 kategorietan erantzun zuzen bana emandakoan (ez da beharrezkoa “Zortea” kategorian erortzea), parte hartzailea bigarren fasera igaroko da automatikoki.

Bigarren fasean 50 ekintza egongo dira eta horiek lau atal desberdinetan sartu beharko dira (atal bakoitza maila desberdin bat izango da norberaren enpresaren garapenean). Atal egokian sartutako ekintza bakoitzagatik bi puntu emango dira (gerta daiteke atal baterako baino gehiagotarako balio duten ekintzak egotea).

Bigarren faseko puntuak batuta, finalean parte hartuko duten bost parte hartzaileak aterako dira, hain zuzen ere, puntuaziorik handiena lortu dutenak.

Parte hartzaileen arteko berdinketa izanez gero, berdindu dutenen artean zozketa egingo da finalera zeintzuk pasatuko diren erabakitzeko, bost finalista geratu arte.

Azken sailkapena martxoaren 28an argitaratuko da www.emprendedoreszitek.com webgunean. Finalistei, halaber, mezu elektroniko baten bidez jakinaraziko zaie finalera iritsi direla (eta telefono zenbakirik utzi badute, telefonoz ere abisatuko zaie). Baten batek joaterik ez balu, sailkapenean hurrengo dagoenak beteko luke haren lekua.

FINALA (FASE PRESENTZIALA)

Finala presentziala izango da.

Bertan lehenengo fasea bakarrik jokatuko da, eta irabazlea izango da jokoko kategoria guztietan erantzun zuzenak ematen dituen lehenengo pertsona. Jokoak jarraituko du harik eta beste pertsona bik kategoria guztietan erantzun zuzenak eman arte. Orduantxe amaituko da jokoa.

Fase birtualean ez bezala, erantzun oker bat emanez gero, txanda galdu egingo da eta beste parte hartzaile batek hartuko du. Hortaz, bizitzak kenduko dira eta “Zortea” eta “Zitek” laukiak komodinak izango dira.

Dadoak jaurtiko dira parte hartzaileen ordena ezartzeko. Zenbakirik handiena lortzen duenak hasiko du jokoa eta pertsona horren eskuinaldean dagoenak jarraituko du.

Jokalari bakoitzak, gehienez, hiru txanda izango ditu. Hirugarren txandako erantzuna eman ondoren, erantzuna igarrita ere, txanda hurrengoari pasatuko zaio.

DIPLOMA ETA AUKERA ASKEKO KREDITUAK

Parte hartu izanaren diploma jasoko dute (eskatu badute) lehiaketan bigarren fasea gainditzen dutenek.

Lehiaketaren iraupena 25 ordukotzat jotzen da, beraz, parte hartzen duten ikasleek hautazko kreditu bat lortzeko eskubidea izango dute.

Ziurtagiriak posta bidez bidaliko dira.

SARIAK

Finalean parte hartzen duten bost pertsonek sari hauek jasoko dituzte:
Lehenengo sailkatuak: 1.200 euro
Bigarren sailkatuak: 600 euro
Hirugarren sailkatuak: 300 euro
Laugarren eta bosgarren sailkatuek: 150 euro
Lehiaketako bigarren fasea amaitu duten parte hartzaileak (finalistak izan ezik) 150 euroko bi sari emateko zozketan sartuko dira.
Parte hartzaile batek ere ezingo ditu bi sari jaso.

ZABALKUNDEA

Deialdi hau Bizkaiko Campusaren iragarki taulan eta http://www.emprendedoreszitek.com/ webgunean argitaratuko da.

Deialdi honetako gainerako egintzak eta komunikazioak http://www.emprendedoreszitek.com/ webgunean argitaratuko dira.

EPAIMAHAIA ETA AZKEN ERABAKIA

Lehiaketako epaimahaiak ebatziko du lehiaketaren online fasean edo finalean sor daitekeen edozein erreklamazio edo zalantza. Zitek Programako hiru bazkideen ordezkari banak osatuko dute epaimahaia.

Irabazleei buruzko erabakia Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak emango du eta www.emprendedoreszitek.com webgunean argitaratuko da.

OINARRIEN ONARPENA ETA DATUEN BABESA

Parte hartzaileek ez dituzte auzitan jarriko lehiaketako erantzunak. Erantzunok jokoa hasi aurretik adostuko dira eta parte hartzaile guztiek ontzat emango dituzte lehiaketan parte hartzeko izena ematerakoan. Izan ere, lehiaketan parte hartzeak dokumentu honetan zehaztutako arau guztiak onartzea dakar.

Lehiaketaren batzorde antolatzaileak (Zitek) beretzat gordetzen du parte hartzaileren bati uko egiteko eskubidea, egokitzat joz gero. Batzorde honek beretzat gordetzen du lehiaketan –online fasean zein finalean– irregulartasunik gertatuz gero neurriak hartzeko eskubidea.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa betez, jakinarazten dizugu zure datuak Zitek-en titulartasunpeko fitxategi batean gordeko direla, eta fitxategi hori lehiaketa behar bezala kudeatzeko bakarrik erabiliko dela. Eskubidea duzu dohainik datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta datuak ezeresteko. Horretarako harremanetan jarri behar duzu UPV/EHUko Zitek-ekin (helbidea: Sarriena auzoa z/g- 48930 Leioa; telefonoa: 94.601.27.51; posta elektronikoa: zitek@ehu.eus).

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea

Francisco Juaristi

Gira tu movil y disfruta de nuestra web.
(el juego no esta adaptado a todos los dispositivos)

Mugikorra biratu eta gure web-a gozatu.
(Jokoa ez dago dispositibo guztietara egokituta)